2011(e)ko urriaren 28(a), ostirala

ETXAURI- Tormenta del Este bidea


   Sinets ezina dirudi, baina, egia da. Egun gutxi falta dira mundu osoko gizakien populazioa zazpi mila milioietara iristeko. Berria irratian entzun dudanean kezka bat etorri zait burura; gero eta zailagoa izango zaigu leku lasaiak bilatzea. Nik gaur lortu dut. Bakar bakarrik egon nahiz Etxaurin, egun osoan, soilik, putre eta beleen konpaia izan dut. Arraroa dirudi arren, batzuetan, bakarrik jendearen artean baino babestuagoa zaude.
   Tormenta del este, Eneko Cesar eta Mikel Zabalzaren bide bat da. Beraiek dena librean eskalatu zuten. Nik berriz al izan dudan moduan igo dut. Lehen luzea izatez 7a da. Nik 6b/A1 egin dut. Gantxo bat beharrezkoa izan dut bigarren paraboltetik ateratzeko. Bigarren luzea librean egin dut 6b+. Hirugarrena artifizial hutsean burutu dut, A2 izango da. Parabolta txapatu eta arrakala guztia friend eta fisurerotaz zintzilikatzen igo dut. Mikelek bere blogan aholkatzen duen bezala, azken luze honetan ez naiz zuhaitzeraino igo, Kimikoen bilera batetara joan naiz zuhaitza baino 10m beherago.
   Txapo Eneko eta Mikel. Oso ondo pasatu dut zuen bidea eskalatzen.
Lehen tirada

Bigarren tirada

Hirugarren tirada. Erdiko arrakalatik doa bidea. Materiala erretiratu eta gero atera dut argazkia.


Etxauri udazkenez jazten ari da.

2011(e)ko urriaren 22(a), larunbata

GRANDES JORASSES- No Siesta bidea





Eskalada bidaia honetan pentsatzean, abentura klasikoetako filmetan agertzen diren pertsonaia latz eta serioak gogoratzen ditut: Gizon ondu bat bere mendiko etxolan dago, hau da bere erretiroa, bere eguneroko errutinan murgilduta. Bat-batean antzinako lagun bat azaltzen zaio akzio pixka bat eskaintzen. Gizonak, asko pentsatu gabe, dena utzi eta laguna segitzen du abentura egarriz. 
 Nire kasuan ia gauza bera gertatu zen: Lasai nengoen Iturtxoko azienda zaintzen. Bat-batean korreora Keparen mezu bat iritxi zitzaidan, sei esteka desberdin eskegiak zituen. Lehenengoa  klikatzean, nire begi aurrean aspaldian desiratutako eskalada baten informazioa azaldu zen. Berriarekin batera, nire ametsatako bidea igarotzen den horma hotz eta ilunera joateko gonbidapena zetorren. Segituan motxila prestatzen hasi nintzen.  
  No siesta bidearen eskalada eta Grandes Jorasses hormaren baldintzak azaltzen ziren artxibo haietan. Gehiago ez nuen behar izan dena utzi eta abentura bila irteteko.



      Chamonixek estresa sortzen dit. Iritsi eta berehala hasten gara gora eta behera zoroak bezala. Eskaladan beharko ditugun gauzei azken ukituak eman nahi dizkiegu. Nekatu egiten nau lan aspergarri honek.
    Azaroan gaude, urte sasoi honetan oporrak hartzen dituzte bailaran bizi diren gehienek, beraz, denda asko itxiak daude. Montenbers-ko trena ere konpontzen ari dira. Dena dago hankaz gora.
    Kepa eta biok, azkenean, ados jartzen gara zer igo eta zer utziko dugun auzian, estrategiaren puntu batzuetan eztabaida izan dugu. Petatearen asuntoak ni ez nau konbentzitzen. Ez zait logikoa iruditzen pareta tramu txiki bategatik petatearen deserosotasuna bide osoan sufritu behar izatea.  Ala ere prest azaltzen naiz nire petate txikia motxilan sartu eta behar denean ateratzeko, baina logikaz aukera hau ez da ona ere. Azkenean soilik motxilekin goaz. Nire motxila zaharkitua erabiliko dugu behar denean paretatik zintzilik igotzeko. Janari asuntoan ez gara urri ibili, Lechaux aterperaino behintzat mordoa eramaten dugu.



   Lasai goaz gau hotzean glaziarretik gora, frontalen argiek laguntzen digute izotz laberintoan paretarako bidea bilatzen. Pittin bat harritua noa, normalean hasierako une horiek urduritasuna eta ezin egona eragiten didate, gaur oso lasai noa, aterpean egon garen ordu gutxi horietan ere lo egin dut. 
  Gaua da oraindik pareta azpira iristen garenean. Gasezko sukalde txikia ateratzen dugu eta te bat prestatzen itxaroten diogu egun sentiari.  


Lehen erresaltearen azpian
   Izotzaren kalidadea lehen partean ez da oso egokia. Konkretuki luze bat tokatu zaigu barrukoak mugitu dizkiguna. M7-ko erresaltearen aurreko tiradaz ari naiz. Oreka hutsa izan da; plaka etzan batetan geunden, pioletak izotz "miserable" batean iltzatzen saiatuz. Seguruak hurrun eta eskaxak dira, nerbioak ezin dominatu gabiltz, brutala.


   Konturatzerako eguna joan da, gure atsekaberako ez dugu gaua pasatzeko pentsatua geneukan lekura iristea lortu. Nekatuak gaude, gaua gainean dugula gauden leku bertan bibaka egitea adosten dugu. Ezkutua izeneko hormaren azpian gaude.
   Oso desatxegina izan da bibaka, ez ditugu mendiko botak kendu ere egin lo zakura sartzeko. Eserita itxaron diogu egun sentiari.
   Goizean goiz gaude berriro martxan. Zailtasun teknikoak handitzen doaz, zortez, izotzaren kalitatea ere. Azkarrago eta seguruago mugitzen gara gaur. Egun argi dexente dugula haitz pareta tentearen azpira iristen gara. Denbora dugunez bi luze soka fixoaz ekipatu ditugu eta bibakatzera izotz maldetara jaitsi, bihar beste egun bat izango da.
  Gau hau ere oso deserosoa suertatu zaigu.


   Libre- artifiziala erabiliaz metroak nahiko erraz irabazten dizkiogu pareta tenteari. Gogotsu goaz eskalatzen. Gaur gustatuko litzaiguke paretatik ateratzea. 




   Azkeneko tiradak benetako izotz eskalada dira.Urre koloreko haitzean marraztutako izotz zurizko lerro lirain bati jarraitzen diogu. Tramu batzuetan izotza juxtu xamarra azaltzen bada ere, gehiago saiatu beharra suposatzen du honek, azkar goaz. Azken tirada frontalaren argiaz lagunduta eskalatzen dugu. Irteera haitz hutsean egiten dugu, bukatzeko dugun gogoaz baliatuz erraz gainditzen dugu zailtasun hori.



   Gailurrean gaude!!!, ezin dut sinetsi, Kepa eta biok besarkatzen gara, gure bihotz hoztuak berotasuna behar dute. Lo zakuaren epeltasunean, elur gainean etzanda, ezin ditut malkoei eutsi, emozionatua nago. Leku magiko batetan nagoela sentitzen dut, munduaren gainetik. Aita etorri zait burura. Alfonso ere hemen dago, berarekin neukan hitzartua igoera ikaragarri hau, tamalez ezin izan genuen batera burutu. Nik denei eskerrak emanten diet. Zoriontasuna existitzen bada, hau behar du izan.  



2011(e)ko urriaren 4(a), asteartea

OGOÑO- Heriotzaren Semeak bidea

  


   Leku guztiei iristen zaie unea, denboran aktibo egotea da kuestioa. Arrazoi batengatik, egun batean bertara joaten zara eta inguru hori ezagutzen duzu, ezagutu nahi genituen lekuen zerrendatik ezabatuz. Eta liluratuta geratzen zara, ingurune naturalaren edertasunaz harrapatuta. Ogoñoren kasuan ere horrela izan da. Familia izan dudan arte, eta, asteburua pasatzeko denen gustuko leku baten beharra sufritu arte, ez nuen leku paregabe hau ezagutzeko abagunea izan.
   Nire gustuko lekuek, eskalatzeko aukera behar dute izan. Etxekoak berriz hondartza soil batekin konformatzen dira. Beraz, zer gauza ederra denak pozik eta gustura ikustea. Zoritxarrez, jende asko gure behar berberekin dabil, eta horrek apur bat asaldatzen du paradisua.



  Larunbat goizean eguzki kiskalgarriaren pean hondartzan egon ondoren, intsolazio baten puntuan, arratseko azken orduan, Keparekin ogoñoaren paretara joan nintzen, eta orain bai, benetako beroa pasatzera. Arratseko seiak ziran eta oraindik eguzkiak erre egiten zuen. "Errausketarik Ez" bidea eskalatzeko asmotan rapelatu genuen "Josu Garcia" bidetik. Sokatik zintzilik nengoela, flipatzen nindoan parajearen edertasuna gaitik. Itsasoa eta haitzaren arteko kontrastea, eguzkiaren azken orduko argitasunarekin nabarmendua, sinets ezinezko momentuak sortzen ditu. 

Ederra benetan lekua


Errausketarik ez bigarren luzea

   Errausterik ez bidea polita iruditu zitzaidan, ondo egiten da. Patxi eta Mikelen opari bat eskalatzaile guztientzako.

   Igande goizean, lehen orduan, pareta azpian geunden berriro. Ez genuen nahi aurreko egunean bezala eguzkitan kixkaldu. Egun handia zen ura, nik katu oinak estreinatzen nituen, eta ez zen gutxiagorako, dena beharko nuen, Keparekin nindoan berak zabaldutako "Heriotzaren Semeak" bidera. Lau urte kosta zitzaion bidea bere gustura uztea. Igoera gutxi ditu. Unaiek estreinatu omen zuen bere  klase paregabea erakutsiz. Erlantzek ere heldu omen ditu regleta mingarri horiek. Hurrengoak zerrendan gu ginen.

Heriotzaren semeak lehen luzea

   Asko gusta zait bidea, naiz eta hirugarren luzea enkaderatzerik ezin izan. Nik zailtasun hauek proposatuko nituzke luze bakoitzeko. Lehen luzea 7b “vidilla” izango zen. Bigarrenari 7a+ emango nion. Tirada hau bigarrenez eta motxila txiki batekin egin nuen. Hirugarrena gogorra iruditu zitzaidan. Helduleku edo hanka asko markatu eta garbitu gabeak zeuden. Nik 7b+ on bat bezala proposatzen dut. Baina berriro diot ez nuela enkadenatzea lortu. Laugarrena 6b+ izango da. Orokorrean bide paregabe bat, betea uzten dizuen horietakoa. Ez nuen besterik espero Keparengatik.      


Heriotzaren semeak bigarren luzea


Heriotzaren semeak hirugarren luzea